XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SAMU ARRARAS: Errugbia droga bat da hasiez gero ezin daiteke utzi

Euskarians errugbi selekzioarekin jokatu zuen napar bakarra Sakanakoa da, Iharbarko Samu Arraras, Iruña Errugbi taldean jokatzen duen 24 urteko gaztea hain zuzen ere.

Astean zehar Iruñean bizi bada ere asteburuak Ihabarren ematen ditu. Mutil sendoa da (1'96 metroko garaiera eta 95 kgko pisua du) eta aurpegian bere zaletasunaren aztarna txiki bat agerian du: betilean orbain txikia.

Hala eta guztiz ere, Samuk argi eta garbi utzi du ez dela kirol arriskutsua lesioak futbolean edota futbol amerikoan baino arinagoak izaten dira errugbian.

Kirol honen profesionaltasun ezaz, benetazko euskal selekzioaz eta beste gai batzuei buruz solas egin dugu.

Momentuz gurean ez dago errugbi talde profesionalik, baina iparraldeko taldeekin jokatzeko eskaera jasoko balu, Samuk ez luke birritan pentsatuko.

Uztaileko zenbakian, beraz, gazte honen ikuspuntua ekarri nahi izan dugu futbolaren itzalpean bizi den kirol honi buruz zerbait ikasteko asmoz.

Guaixe: Nola sortu zitzaizun errugbian aritzeko zaletasuna?

Samu Arraras: Orain dela zazpi urte hasi nintzen. Lagun batzuk errugbi kirol eskola batean hasi ziren eta nik eurekin bat egin nuen.

Errugbian aritzen direnak lagunen eraginaz hasten dira, Inglaterran edo Irlandan ez bezala, gurean ez baita ikastxeteetan errugbia ikasten. Hemen futbola da errege. Hala eta guztiz ere, datorren ikasturtean zenbait ikastetxe eta ikastolatan errugbia irakasten hasiko gara.

G: Nafarroan zein egoeratan dago errugbia?

S.A.: Oraintxe bertan, 8 ekipo senior eta 4 eskola badira Nafarroan. Seniorrendako liga dago. Eskolak, berriz, aurten hasi berri dira. Bestetik, lehen mailako taldea Iruñea errugbi taldea dugu. Oraiko egoera ona dela iruditzen zait. Harrobia poliki poliki sortzen ari da eta Tuteran, esaterako talde berri bat sortu da oraintsu.

G: Errugbian aritzeko indartsua behar duzu izan?

S.A.: Jende guztiak joka dezake errugbian. Txikiek eta meheek zelaiaren hiru laurdenetan jokatuko dute, indartsu eta pisudunek, berriz, melean.

G: Gurean noiz izango da errugbia kirol profesionala?

S.A.: Frantzian orain dela bi urte kobratzen hasi ziren errugbi jokalariak eta aurten ofizialki onarturik dago. Gurean sekulan ez dugu izango. Beraz, profesional bezala jokatu nahi baduzu Iparraldera joan beharra daukazu. Hemen dagoen maila nahiko kaxkarra da, hemengoak amateurrak gara. Iparraldean dagoen maila, berriz, oso ona da eta hemengo jokalari onak Baionara joaten dira profesionalki aritzera.

G: Profesionalekin jokatzeko eskaintza izanez gero kanpora joango zinateke?

S.A.: Zalantzarik gabe. Errugbiagatik dirua, denbora... galtzen dut. Iparralden, berriz, guztia ematen dizute, soldata eta gastuak ordainduak. Aurten, adibidez, 100.000 pezeta galduko dut errugbiarekin, kirol hau droga bat da niretzat. Hasiez gero ezin utzi daitekeena.

G: Zer nolako esperientzia izan da Euskarians taldearekin jokatzea?

S.A.: Irlandan, Eskozian... eta Galesen dagoen bezala, hemen Euskal Herriko selekzioa egin nahi izan da Euskarians errugbi taldearekin. Aurtengo lehenengo partidua Rusiaren kontra jokatu genuen. Gero, ekainaren hasieran Anoetan jokatu genuen 2. partidua Irlandaren kontra. Oso ikusgarri eta arrakastatsuak izan dira gainera.

G: Zein izango da Euskarians taldearen hurrengo urratsa?

S.A.: Hurrengo udaberrian beste selekzio batzuen kontra jokatzen hasiko gara. Euskal Herriko maila piskanaka igotzea dugu helburu.

G: Kirol legea eta euskal selekzioa denon ahotan egon den gaia dugu. Euskarians taldean, berriz, Euskal Herriko ordezkaritza zabala lortu duzue.

S.A.: Euskal Herriko jokalariak bai Frantziarekin bat Espainiarekin jokatzen ari dira, Euskarians-ek, berriz, esan bezala, gure selekzioa sortzea du helburu. Anglosajonen antzera egin nahi izan dugu, elkartu eta Barbarians taldea osatzen dute. Gurean Euskal Herriko jokalari onenak elkartu eta Euskarians sortu dugu 7 probintzietako jokalariekin. Emaitza bakoirra izan da errugbi selekzio on bat izan dezakegula ikusi baitugu. Ohoreagatik jokatzen dugu. Selekzioan jokatzean ez duzu batere kobratzen, kamisetak eta gainerako guztia zure poltsikotik ordaindu behar duzu.

G: Kirol arriskutsua da errugbia?

S.A.: Ez da hainbesterako. Jendea oker dago. Hiltzera jokatzen dugula uste dute zenbaitzuek. Indarra egiten dugu, baina mina egin gabe jokatzen dugu. Futboleko lesioak larriagoak izaten dira errugbikoak baino. Partidua amaitu eta gero gorputza minberatua gelditzen zaizu, melean aritzen garelako, baina ez dira lesio handiak izaten.

G: Zer esango zenieke errugbian hasi nahi duten gazteei?

S.A.: Animatzeko. Sartu ez gero ez direla damutuko. Eta jendeari jaramonik ez diezaioten egin, ez baita indarkeriazko kirola.

G: Elkarrizketa egitera Ihabarrera etorri zara Iruñetik. Gaur uztailaren 7a da. Zer asmo duzu San Ferminetarako?

S.A.: Juerga. Errugbi jokalariondako lehendabiziko gauza juerga da eta horren ondotik, jokoa. Partidu batean 3 jokaldi izaten ditugu. Lehenengo biak jokatzeko, hirugarrena, berriz, juergarako izaten da. Nahiz eta selekzioan jokatu 3. jokaldia famatua izaten da horregatik. Etxeko taldeak etorritakoari jatekoa eta edatekoa eskaintzen dio eta giro ezin hobea izaten da.